Larbatutako zomorroa?

Bazirudien urrunean ematen zen zarataren oiartzuna, edo zantzua zela solik, eta guregan eragin zuzenik oraindik ez zukeela izango, baina nahi baino lehenago gure inguru politiko hurbilagoan ere izan du bere kokapena eskuinaren muturrak.

Dudarik ez Iparraldean aspaldiagotik ezagutzen zutela Frantziako politikan horrenbesteko arrakasta izan duen Le Pendarren oinordekotza eta eskubiko populismo ultra eta, nola ez, Espainiar estatuak ere bere lekua inbiriatuz edo, ez dio leporik eman Hungarian, Italian, Polonian edota aipatu Frantzian eman den fenomeno (ez hain) berriari.

Vox agertu zaigu, bai, baina arrautza berri batetik jaio den zomorroa da edo eta aspalditik larbatua  eta biziraunkortasun minimoarekin hortxe egon den fenomenoa? Deritzot bigarrenak leku gehiago duela Espainiar kasuan. Hau da, frankismoa ez zen egun batetik bestera desagertu, frankismo soziologikoak bere lekua beti izan du, batzutan leundua, bestetan izkutatua, maiz PPren baitan, bestetan abstentzioan…baina haziak bazuen heldulekurik. Agian ez zeukan eszenatoki politikoan agertzeko behar den abal eta legitimaziorik, baina Europar lehengusu politikoek aurrera pausua ematean, lotsak galdu eta harrokeriz zein harrotasunez plazara atera dira. Egia da Europan errotik moztu zirela faxismo kutsuko joera politikoen aukerak bigarren mundo  gerratearen ondoren, eta han, faxismoak gerra galdu egin zuela. Aldiz, Espainian, zoritxarrez, irabazi. Horrela, eltze berean nahastu dira krisi ekonomikoak jotakoen desesperantza, inmigrazio (ez ahaztu) pobrearen iritsiera masiboa, berdintasusnaren aldeko zein emakumearen eskubideen defentsaren sendotzeak eta ondorioz gizonezkoen rol historiko “heteropatriarkala” kuestionatzen duten politikak, Europar batasunarekiko mesfidantza, xenofobia, LGTBI kolektiboen azaleratzea… eta horri aurre egiteko naziotasun exklusiboaren aldarrikapena. Espainiaren kasuan dudarik ez dago: Katalunian azken aldi honetan eman diren aldaketa eta pausuak kontrakoaren sua berpiztu du, eta beste geografia batzutan sortu du, ondorioz, Espainiaren handitasun, batasun ukaezin eta bakarraren gorespen eta defensa sutsua.

Beraz, lapiko horretan sortzen den saldak leku bakoitzean osagai batetik baino bestetik gehiago izango du, baina zapore antzekoa atzematen zaio. Zoritxarrez, badu lerrokatze politiko honek abantaila bat: ez dauka ezer galtzekorik, eta ziurtasunak erantzun zeatz eta dudabakoak eskeintzen ditu, ezkutaketa gabe. Horregatik, husnarketa eta analisi politiko zein sozialean ahul, garratz edo jota dagoen askorentzat helduleku bikain bihur daiteke.

Edozein kasutan, Euskal esparruan, aipatutako arrazoi guztiengatik deritzot aukera hori uxagarri dela erakargarri baino, eta ez diot errotze politikorik hurbilean behintzat ikusten.

Halere Europari begira (sukarra bezela hau ere sintoma bat da), gaixoa nun dagoen asmatu behar dugu. Gizartearen gogaitzea eta politikarekiko arrakalaren erantzuna bada ere, alternatiba ezin da hau izan.

Zoritxarrez, azken aldi honetan geroz eta konplikatuago bihurtzen ari da demokraziaren, justizia sozialaren eta identitate anitzen aldarrikapena defendatzen jarraitzea.  Baina oraindik ere bagaude borroka horrek merezi duela, eta muturreko jarrera ezeztatzaileek ezin dutela gizartearen gidari izan sinesten dugunok. Geroak esango du.